Saltar al contenido | Saltar al menú principal | Saltar a la secciones

Errehabilitazioaren historia laburra hemofilia/vWillebrand gaixotasunean

Hemofiliaren berezko nahasketa hemorragikoak eta gaixotasun hereditarioaren ezaugarria Talmud juduan, hau da, “Tosefta de Ushna”n deskribatzen dira II. mendean K.a.

John Conrad Ottok 1803an eta Leggsek 1872an hemofilia zuten gaixoetan muskulu eta artikulazioetan alterazio kronikoak deskribatu zituzten, baina König izan zen 1892an artropatia hemofilikoaren entitate anatomo-klinikoa bereizi zuena, gainerako artritisetatik ezberdinduz. Hemofilia duen gaixo baten hemorragiak modu eraginkorrean geldiarazteko ezintasunak eta 11 urte inguruko bizi-itxaropenak pentsaezina bihurtzen zuten, garai hartan, neurri teraupeutikoak kontuan hartzea.

XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, interes handia jarri zen gaixotasunaren ikerketan, Erregeen familien hainbat kidek baitzeukaten. Alabaina, esan behar da ia ez dagoela errehabilitazioaren inguruko jarduera zehatzei buruzko artikulurik. Biggsek eta Mcfarlanek, 1962an, gaixotasunaren orientazio terapeutikoa aldatzea proposatu zuten, bi alderdi kontuan hartuz: hematologikoa eta ortopedikoa. Planteamendu honek, ordezko terapiaren aurrerabideekin batera, hemofiliaren diziplina anitzeko tratamendua garatzen lagundu du.


Erreabilitazioko Zerbitzua Donostia Ospitalean

Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, hauxe da errehabilitazioa: gaixo minusbaliatuak ahalik eta independentzia eta gaitasun funtzional gehiena berreskuratzeko koordinatzen diren osasun, heziketa eta lanbide neurrien multzoa. Zentzu honetan, nabaria da gaixo hemofilikoak nahasketa muskulu-eskeletikoak garatzen dituela. Nahasketa hauek, gutxi edo asko, errehabilitazio-tratamendua behar duen minusbaliotasun bat eragin ditzakete.

Errehabilitazioaren helburua hemofiliaren tratamenduan, lesioak sendatzean ez ezik, prozesu hemorragikoak prebenitzean eta orobat kirola eginez egoera fisiko on bat lortu eta osasuna zaintzean datza. Oro har, terapia fisikoa kronikoak ez diren prozesuetan gaixoa sendatzera zuzentzen da. Alabaina, hemorragien errepikapenak kroniko bihurtzen ditu lesioak, eta funtzioaren galerak helburu konplexuagoetara behartzen du.

Horregatik, errehabilitazioko taldea diziplina anitzeko unitate bat da, errehabilitazioko medikuak, fisioterapeutak, teknikari ortopedistak eta batzuetan okupazio-terapeutak osatutakoa. Ez dago teknika espezifikorik gaixo hemofilikoa sendatzeko. Alabaina, erabiltzeko orduan, teknikek baldintzatzaile batzuk dituzte, lortutako onuraren-arriskuaren balorazioari dagokionez. Hauexek dira teknikak:

  • zinesiterapia (mugimenduaren bidezko terapia),
  • hainbat modalitatetan, hidroterapia (uraren bidezko terapia),
  • krioterapia (hotzaren bidezko terapia),
  • elektroterapia (hainbat korronte-motaren bidezko terapia),
  • ultrasoinuak eta hainbat helburu dituzten gailu ortopedikoen erabilera.

Donostia Ospitaleko Errehabilitazioko Zerbitzuak, hemofiliaren tratamenduan 20 urtetik gorako eskarmentua duenak, hirugarren mailako ospitale baten ekipamendu eta zerbitzu sanitarioak ditu. Hemofilikoari laguntzeko dinamikan aldaketa handia gertatu da 90eko hamarkadatik aurrera eta hemofiliaren tratamenduaz arduratzen diren profesionalei esker. Asistentzia goiztiarra eta berehalakoa da, bai balorazio klinikoan bai emandako tratamendu-tekniketan, eta izapide burokratikoak azkarrak.

Hau dela eta, terapiekiko atxikidura eta jarraipena handiagoa da. Aldi berean eta une oro, koordinazio zuzena, bizkorra eta eraginkorra dago Hematologiako Zerbitzuarekin, ahaztu gabe kirurgia behar duten kasuetan Kirurgia Ortopedikoko Zerbitzuarekin dagoen lankidetza estua. Hauexek dira hemofilia/von Willebrand gaixotasuna tratatzeko talde arduradunaren kideak:

  • Errehabilitazioko mediku 1 (Margarita Lekuona Navea doktorea)
  • Fisioterapeuta 1-2, eskaeraren arabera (Carmen Grijalba Legaz, Mª Josefa Martínez Artola).
  • Teknikari ortopedista 1
  • Okupazio-terapeuta 1, behar izanez gero.