Saltar al contenido | Saltar al menú principal | Saltar a la secciones

Alderdi medikuak: Genetika/Immunologia

Donostia Ospitaleko Genetikako Zerbitzua honela dago osatuta

Holkularitza Genetikoa honela defini daiteke: familian dagoen nahasketa zehatz baten –gure kasuan hemofiliaren– agerpenarekin edo berriz agertzeko arriskuarekin lotuta dauden gizakien arazoei buruzko komunikazio-prozesu bat. Aholkularitza Genetikoak prozesu hezigarria eta informatiboa izan behar du.


Helburuak

1. Norberaren eta ondorengoen ongizateari buruzko informazioa jendearen eskura jarri.

2. Test genetikoak egiteko adostasuna bermatu, erabilitako prozedurak azaldu eta alderdi hauei buruzko informazioa eman:

  • hemofilia, pronostikoa eta aukera terapeutikoak. transmititzeko modua
  • hemofiliaren eta eramailearen egoeraren test diagnostikoak eta fidagarritasuna
  • eramaileen screeninga egiteko prozedurak
  • jaio aurreko diagnostikoa, amarentzako eta fetuarentzako testak eta arriskuak
  • emaitzei buruzko informazioa
  • haurdunaldia bukatzeko moduak eta ondorengo inplikazioak

3. Hemofilia duten gaixoak beren egoera ezagutzera emateko gaitu eta familiako beste kide batzuei ohartarazi herentziaren arriskuei buruz, eta hartzen dituzten erabakiak onartu.

4. Hematologiako Zerbitzuak edo hemofilikoen Elkarteak antolatutako saioetara joan daitezen, bikoteei eta senitartekoei aukerak eskaini.

5. Herentzia ezagutu. Ezberdintasun erlijiosoak, kulturalak, sozialak eta pertsonalak dituzten pertsonei kontu handiz hitz egin (oso garrantzitsua da gaixotasunari buruzko pertzepzio pertsonalak ezagutzea).

Laburbilduz, kontsulta egiten duen familiak gaixotasunaren inplikazioak ezagutu behar ditu (zer da, nola tratatzen da...) eta orobat heredatzeko modua, ondorengoetan berriz agertzeko aukera, arriskua kalkulatzean eta diagnostikoaren frogak egitean dauden hutsegite-faktoreak eta dauden alternatibak; ondoren, alderdi hauek guztiak ezagutuz, jarraitu beharreko bidea aukeratzeko. Oso garrantzitsua da genealogia-zuhaitz zehatz bat egitea, informazio fidagarria eskaintzen duena (diagnostiko zuzena, berresten duten frogak erantsiz). Diagnostikoan edo genealogiako datuetan akatsak egoteak emaitzen interpretazio okerrak ekar ditzake.


Gaixotasunaren aurkezpena

"A" eta "B" Hemofiliak gizakiak dituen herentziazko gaixotasun hemorragiko larri ohikoenak dira; "A" motakoa hemofilia guztien gutxi gorabehera %80 da. "A" motako hemofilia jaiotako 10.000 lagunetatik 1-2 lagunek dute eta "B" motako hemofilia 100.000 lagunetatik 2-4 lagunek.

 Populazio orokorrean 5.000 emakumezkoetatik 1 eramailea dela kalkulatzen da. "A" Hemofilia koagulazioko glukoproteina baten –VIII. faktorearen– defizitaren edo anomaliaren ondorio da. VIII. faktoreak pisu molekular txikia du eta jarduera koagulantea (VIIIc). von Willebranden faktorea (VIIAg) deitzen den pisu handiko molekula eramaile batekin lotzen da. Baldintza normaletan, kopuru bera dago. VIIIc faktorea X kromosomari lotutako gene batek kodifikatzen du eta bere defizitak “A” motako Hemofilia sortzen du. VIIIAg faktorea, berriz, gene autosomiko batek (1 12. kromosoman dago) kodifikatzen du eta bere defizitak von Willebranden gaixotasuna sortzen du.

"B" Hemofilia edo Christmasen Gaixotasuna K bitaminaren mende dagoen koagulazio-faktore baten –IX. faktorea (Fc IX)– defizitaren edo alterazioaren ondorio da. Gaixotasun hauen garrantzia kliniko-patologikoa, soziala eta ekonomikoa ederki ezagutzen da.

Agerpenen larritasuna faktore defizitarioaren maila plasmatikoekin lotzen da: balore normalaren %0-1 bitartean mota larriekin lotzen dira, odoljarioak maiz eta berez gertatuz; %1-5 bitartean oro har moderatuagoak dira, nahiz eta kasu batzuetan aurkezpen klinikoa larria izan; defizita hain handia ez denean, %5-30 bitartean, odoljario moderatuak edo arinak dira. Lehen gaixotasun hilgarritzat jo arren, ordezko terapeutika (hemoderibatu plasmatikoak, VIII. edo IX. faktorearen kontzentratuak, faktore purifikatuagoak...) aurrerapauso handia izan da bizi itxaropenaren eta kalitatearen arloan.

Horrela beraz, Aholkularitza Genetikoa oso garrantzitsua da, batez ere gizonezko hemofilikoak adin nagusitasunera minusbaliotasun urrirekin iristen baitira eta maiz erreproduzitzen dute.


Herentzia. Biak dira errezesiboak eta X kromosomari lotuta daude.

  1. Hemofilia duten gizonezkoen semeek ez dute gaixotasuna izango eta ez diete hurrengo belaunaldiei transmitituko.
  2. Hemofilia duten gizonezko guztien alabak eramaileak izango dira eta %50eko arriskua izango dute alaba eramaileak edo seme hemofilikoak izateko.
  3. Odoljarioen historia ezagunik ez duen familia batean haur hemofiliko baten jaiotzaren bidez kasu esporadikoak detekta daitezke; gutxi gorabehera guztizkoaren 1/3 da. Kalkulatzen da kasu esporadiko baten amak %85etik %90era bitarteko arriskua duela eramailea izateko, eta seme hemofilikoak edo alaba eramaileak izateko arriskua "a priori" %42tik %45era bitartekoa dela.
  4. Emakumezkoa eramailea izango da seme-alaba hemofiliko bat baino gehiago baldin badu.
  5. Gizonezko hemofiliko bat emakumezko eramaile batekin ezkontzen bada -oso gertaera arraroa odolkidetasuna salbu-, semeetatik %50 hemofilikoak izango dira eta %50 osasuntsuak; alabetatik, berriz, %50 hemofilikoak izango dira eta %50 eramaileak.
  6. Emakumezkoek soilik dute gaixotasuna aita hemofilikoa denean eta ama eramailea (ohiz kanpokoa) edo Turneren Sindromea bezalako anomalia kromosomiko sexual bat dagoenean (45X).

1, 2 eta 5 puntuen azalpen-eskema


Oinarri molekularra

VIII. faktorearen genea tamaina handiko genea da (186 Kb) eta X kromosoman, q28 aldean dago. Bere tamaina dela eta, mutazio asko, kasu zehatzetan, edo alterazioak egoteko aukera oso handia da. Honek azaltzen du "A" hemofiliaren adierazpen klinikoan azaltzen den heterogeneotasun handia. Kasu larrietan, genean gertatutako inbertsio bat da –22. intronaren inbertsioa kopia intra eta extragenikoen arteko birkonbinazio homologoaren bidez– kasuen %40-45aren arduraduna; ez dira hain ohikoak, berriz, delekzioak (galerak) edo mutazio zehatzak (nukleotido bakar baten aldaketa), familia batetik bestera oso desberdinak direnak. 34 Kb dituen IX. faktorearen genea X kromosoman, q26 aldean dago.

Hainbat tamainako delekzioak nahiz nukleotido bakar baten aldaketak dira "B" hemofiliaren adierazpen klinikoaren mekanismo molekular arduradunak; ez dago mutazio maioritariorik, "A" hemofiliaren 22. intronaren inbertsioa bezala, baina bai heterogeneotasun handia.

Bi gaitzetan, familiako kide baten mutazioa identifikatzeak gainerako kideen iragarpen sinplea ahalbidetzen du.

Gene baten barruan gune kodifikanteak daude, EXONAK deitzen direnak, eta moztitsasketa-prozesu baten bidez ARNtik kanporatzen direlako proteinarentzako gune ez kodifikanteak, INTRONAK deitzen direnak. ADNaren analisia zuzena edo zeharkakoa izan daiteke:

  • Zuzena: mutazioa ezagutzen denean. Diagnostiko ziurra ahalbidetzen du
  • Zeharkakoa edo ligamendukoa: mutazioa ezin denean detektatu. Diagnostiko probabilistikoa da baina oso fidagarria.

 Markatzaile intra edo extragenikoak erabiltzen dira (genearen barruan edo kanpoan dauden arabera). Barne hartzen ditu F.R.L.P. (longitude polimorfoko errestrikzio-zatiak, genea hainbat entzimen eraginpean jarriz lortzen direnak) eta V.T.N.R. edo minisateliteak (tandemean errepikatzen direlako bereizten diren genomaren aldeak. Kopurua gizabanako batetik bestera aldatzen da). Polimorfismo bakoitzaren informaltasun-maila aldatu egiten da, zenbaiten elkarketak emaitza hobetuz. Orain dela urte gutxi arte, emakumezko eramaileen detekzioa beren genomaren kalkulu estatistikoaren bidez egiten zen, genealogia-zuhaitzean eta azterketa analitikoetan oinarrituz.

Honela, eramaileak izan zitezkeen emakumezkoen %70-95 iragarri ahal zen, baina banakako detekzioan huts egin zitekeen. Pedigreearen" bidez, bi emakumezko eramaile mota bereiz daitezke: Behartuak; hemofilikoen alabak edo seme-alaba hemofiliko bat baino gehiago izan dituztenak dira eta 2. Eramaileak izan daitezkeenak; eramaile behartu baten alabak dira. Alterazio analitikoekin osatuz, analitika normala zenean ez zegoen justifikatuta eramaile izan zitekeen emakumezko bat normal gisa sailkatzea.

 Gaur egun, familia bakoitzaren mutazio espezifikoa ezagutzea ahalbidetzen digun Biologia Molekularrari esker, emakumezko eramaile gehienak identifika ditzakegu, diagnostiko ziur baten bidez; Alabaina, oso garrantzitsua da oraindik ere, arriskua duten emakumezkoak pedigreearen bidez identifikatzea. Diagnostikoa askotan zaila da populazioan, eta familiako beste kide batzuei jakinarazten dien kasu indizetik (osasun-detekzioa egitera etortzen den pertsona, arrunki hemofilikoak, helduak edo haur txikiak eta beren gurasoak) abiatzen da. Oso inportantea da, umea sortu baino lehen, emakumezko eramaileei ohartaraztea transmititzeko duten arriskua.


   2 Orritik 1 Hurrengoa